IRAKURGAIAK

Ebaluazio bakoitzean 3 irakurgai izanen dituzu aukeran. Horietako bat irakurri beharko duzu gutxienez. Gehiago irakurriz gero, puntuazio osagarria izanen duzu: ebaluazioko notari +0,5 erantsiko zaio bi liburu irakurrita, eta +1 hirurak irakurtzen badituzu. Liburu bakoitzari dagokion azterketa egin beharko duzu, eta ebaluazio bakoitzean 2 puntu balioko du (azterketa 1, 2 edo 3 eginda ere).

Beti ere, liburu bat baino gehiago irakurtzen baduzu, nota igotzeko erabiliko da gehigarri hori, ebaluazioko gainontzeko noten artean 4,5 lortu baduzu gutxienez. Demagun, ebaluazioko nota guztien artean 4 duenak ez du ebaluazioa gaindituko, hiru liburuak irakurrita ere.

1. EBALUAZIOA

A- SEXIMENDUZ
Fernando Morillo. Elkar, Bihotz taupadak saila, 2007. 14-15 urtetik aurrera.

Bi lagun, mutilak biak. Batek baditu hainbat neska ezagun, lagun edo dena delako... Bestea, berriz, sekula ez da ausartu neska bati hitz erdirik esaten, mozkorturik ez bazen, eta horrela, jakina, ezin ganorazko ezer lortu. Esperientziagabeak mesedez eta faborez eskatuko dio lagunari erakuts diezaiola nola jokatu, nola moldatu, eta esperientziadunak onartu egingo du besteari laguntzea.

B- UDA BETIKO BALITZ
Xabier Mendiguren Elizegi, Elkar, 2003.

Xabier Mendigurenek oraingo honetan udalekuen girora eramango gaitu, batetik, eta trantsizio politikoaren garaira, bestetik, hainbat neraberen eskutik. Kanpaldietara joaten diren mutiko batzuen istorioak kontatzen ditu. 3 urtez joaten dira eta urte baikoitzean neskenganako interesak, gustoak, jolasteko gogoak, etabar, oso desberdinak dira.
Poza da liburu honetako sentimendu nagusia: bizitzeko grinaz eta gogoz beterik daude bertako protagonistak, hamabi, hamalau, hamasei urteko neska-mutilak, bizitza horrek pozekin batera hainbat gazi-gozo eta atsekabe ekarri arren. 76an hasi eta 80ra bitartean hedatzen da nobela honetako denbora, hainbat udatan barrena; eleberri korala da berez, pertsonaia bakar batzuen ordez gazte-talde osoa baita protagonista, apurka eta urtez urte aldatzen ikusiko duguna, eta gaztetxoen garapenarekin batean, zeharka bada ere, nabarmen ageriko da gizarteak berak aldi horretan izandako bilakaera.
Mikrokosmos bat da Udalekua, bere baitan mundu bat biltzen duena eta aldi berean kanpoko munduaren ispilua. Mundu partikular horren hainbat estanpa eta irudi eskaintzen digu idazleak (igerilekua, altxorraren jokoa, txangoak, dantzaldiak, kanpamenduko sua, bihurrikeria eta liskarrak…); idazkera doi eta arinez eginak daude postal horiek, baina, beraiekin tartekaturik, mutiko batek idatzitako gutunak aurkituko ditugu, hari narratiboaz gainera liburuari ahozko euskararen grazia eransten diotenak.

C- HILPUINAK
Joxe Mari Urteaga, Elkar, 2008. Beldurrezko kontakizunak
Sei ipuin, sei hilketa, munduko beste hainbat txokotan girotuak: Andaluziako cortijo batean, Siziliako bazter galdu batean, Euskal Herriko herrixka batean, Frantziako landetxe dotore batean, Estatu Batuetakoa dirudien baso bakarti baean, baita kalearte ilun batean ere…
Hilpuinotan ez da dena esaten, poliziak ez du hiltzailea harrapatzen, baina idazleak hainbat arrasto ematen digu, han eta hemen, guk geuk asma dezagun nork, non, nola, zergatik…

2. EBALUAZIOA

A- ZURE ARIMAREN TRUKE
Fernando Morillo. Txalaparta, 2008. 14-15 urtetik aurrera.

Galderaz beteriko liburua duzu hau. Zure maiteari minbizia aurkituko baliote eta urtebeteko bizia eman, zer egingo zenuke? Edo, hobeto esanda, zer ez zenuke egingo?
Liburuaren protagonista, Bernat ikerlaria, ataka horretan dago. Iruri neska-laguna minbiziak jota dago, eta azken beltzera doa ezinbestean. Heriotzaren aurrean bi aukera ikusten ditu Bernatek: Iruriren alboan egon daiteke, eta hura zimeltzen ikusi; edo inoiz egin duen ikerkuntzarik harrigarrienean murgil daiteke, baina bikotekidearengandik urrun. Hala, bada, zientzia, artea eta fedearen mugak arakatuko ditu herio andereari
iskin egiten saiatzeko.
Maitea salbatzearren, ordea, edozer egiteko prest egongo al da, baita hura galdu behar badu ere? Galderaz galdera eta aurkikuntzaz aurkikuntza, irakurleak narrazioan aurrera egingo du etsipenetik itxaropenerako aukera bakar horren xerka.


B- MANILA KONEXIOA
Jon Arretxe, Elkar, 2003. 15 urtetik aurrera. Umorezko nobela beltza.

Simon Artabe eta bere laguntzaile Etxebe ez dira Sherlock Holmes eta Watson doktorea, antzekoagoak dira zinema eta literaturaren historiako detektiberik xelebreenak: Clouseau inspektorea, Cruchot brigadierra, Torrente polizia ohia, Gadget, Maxwell Smart superagentea…
Desagerketa misteriotsu bat argitu behar dute Artabek eta Etxebek, eta hiriko zoko-mokoak arakatzen ibiliko dira horretarako. Arraza, lanbide eta jite guztietako jendea topatuko dute bilaketa ero horretan, zein baino zein bitxiagoak, baina gure lagunek tinko eutsiko diote beti bere langintzari, nahiz eta begien aurrekoari ere ez antzik eman.
Eleberri beltz batekin datorkigu Jon Arretxe, lehendik ere bai bere bidaia-kronikekin bai gazteen bizimoduari buruzko kontakizunekin arrakasta itzela lortutako egilea. Betiko dohainak aurkituko dizkiogu hemen ere Arretxeri: idazkera argi eta zuzena, erritmo bizia, umore etengabea… Horiez gainera, pertsonaia bakoitzari dagozkion hizkera eta ezaugarriak sortzeko abilezia eta argumentuaren hari guztiak maisuki josteko trebezia aitortu behar.

C- EZER BAINO LEHEN
Arantxa Iturbe, Elkar, 1992. Umorezko kontakizunak

Estilo berri bat dakar Arantxa Iturbek: freskoa, bixia, lotsagabea. Bere ipuinak azkarrak dira, arinak, ironikoak; gizon-emakumeen arteko harremanen ikuspegi berezia eskaintzen dute, umoretsua eta aldi berean sakona, eta ahaztu ezina da bertan agertzen diren emakumezkoen antologia: gazte eta zaharrak, alai edo tristeak, kaskarin ala samurrak, baina beti maitagarriak.
Ipuinak asmatzeko izugarrizko irudimena erakusten du Iturbek bere lehenengo liburu honetan, eta horrekin batera ahozko euskara bizia, gaurkoa eta kalekoa. Izango du zerikusirik horretan egilearen irratilari-ofizioak, kontakizun hauek irakurtzean sarritan irudituko baitzaizu belarrira hizketan ari zaizula norbait, istorio txiki eta gaxiak kontu-kontari.

3. EBALUAZIOA

A- KLEOPATRA
Jon Arretxe, Elkar, 2005. 15 urtetik aurrera. Umorezko nobela beltza.

Simon Artabe eta bere laguntzaile Etxebe, munduko ikertzaile xelebre eta kalamidadeenak, kasu berri bat argitu nahian dabiltza, direnak eta ez direnak lardaskatuz eta endredatuz.
Mandeuli Urdina aurkitzeko eskaria egin diete detektibe biei, hori zer ote den ez badakite ere, eta bilaketak Basauri aldera eramango ditu, hango bazterrak nahastera. Etxe zahar, fabrika korrokoildu eta trenbidearen artean night-club berezi bat dago, Kleopatra, eta badirudi zerikusiren bat duela argitu beharreko misterioarekin.
Nobela beltza idatzi du Arretxek, ez horrenbeste gizartearen trapu zikin eta estolda ilunak argira ekartzeagatik, ezpada halakoxea delako darabilen umorea: maltzurra, lotsabakoa, ikonoklasta; komikitik hurbil dagoen kontaeraz eta estetikaz, irakurlearen irria, konplizitatea eta atsegina lortuko ditu beste behin ere, ziur.

B- GRETA
Jasone Osoro, Elkar, 2003

Tentazioak eta Korapiloak bere bi ipuin-bilduma arrakastatsuen ondotik, nobelari ekin dio Jasone Osorok oraingoan, eta Greta izeneko istorioa kaleratu. Greta liburuko pertsonaia inportanteenetakoa da, baina ez da pertsona: maniki bat da, urtetan arropa-denda bateko eskapartatean egondakoa, eta orain Oskarrek bere etxean gordetzen eta zaintzen duena. Goxotasunezko harreman berezia du Oskarrek Gretarekin: ez –gaizki-pentsatu batek usteko duenez– sexuaren alorrekoa, baina bai txikitan galdu zuen amaren nolabaiteko ordezkotza bilatuko balu bezala. Oskar, baina, ezkontzera doa, betiko andregai izan duen Anarekin. Anak ulertzen du Oskarrek Gretarengana sentitzen duena, baina halako batean gehiegizkoa iruditu eta hautatzera behartzen du: edo Greta edo ni.

C- GLORIA MUNDI
Fernando Morillo. Elkar, 2004. 15 urtetik aurrera.

Munduaren geroa alda dezakeen deskubrimendua potentzia handien isilpean gorde dute nazioarteko fisikari ospetsuenek, II. Mundu Gerraz geroztik. Mende erdi geroago, Donostiako International Physics Center-eko fisikari gazte bat, Mireia Elosegi, ikerketa bat egiten ari da, bakarka baina ez berak uste bezain sekretuan.
Zientzia eta espioitza uztartzen dituen thriller indartsu honek beregan biltzen ditu irakurlea harrapatzeko dohain guztiak: jakin-mina pizten duen planteamendua, arriskua, armak, amodioa, ekintza aurrera eramateko trebezia, hari guztiak egoki josteko abilezia, erritmo arina…
Orain arte nerabezaroko kezkak eta gazi-gozoak kontagai bihurtzen bikain moldatu den Fernando Morillok egiazko maisutasuna erakusten digu misterioaren generoan ere, gaia ongi ezagutzen duenaren segurtasuna, ofizioa menderatzen duenaren sinesgarritasuna eta hizkuntza biziaren gozotasuna elkartuz.